Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936)

2020 
Bilboren garapenean parte hartu zuten emakumeen bitartez, hiriaren historia hobeto ezagutzeko parada eskaintzen du liburu honek. Horretarako, bi atal nagusitan antolatu da, aipatu emakumeek Bilbon egin zuten bizitza oinarritzat hartuta. Lehendabiziko atalean, hiru ikerketaren bitartez, historia garaikidean emakumeek Bilbon bizi izan zuten egoera jarri da bere testuinguruan. Bigarren atalean, historia horren hamar protagonista aurkeztu dira. Lehendabiziko atalean bildu diren hiru ikerketek Bilboko emakumeen eguneroko bizitzan eragin zuzena izan zuten arloak jaso dituzte: politika, lana eta hezkuntza. Horien bitartez, XX. mendean zehar emakumeek jorratu behar izan zuten berdintasuneranzko bide luzea hobeto ulertzeko gakoak eskaini nahi izan dira. Lanaren, hezkuntzaren eta politikaren esparruetan, egoera oso ezberdinak bizi izan dituzte emakumeek eta gizonezkoek, eta, besteak beste, emakume haiek egindako lanari esker, aldaketarako bidea abiatu zen. Bigarren atalean, Bilboren historian nabarmendu diren hamar emakume bizkor eta eraginkorren biografiak bildu dira. Irakurlea jabetuko den bezala, proiektu eta jarduera sozial oso ezberdinak aurrera eraman zituzten emakumeak dira guztiak. Denek izan zuten protagonismo handia XIX. eta XX. mendean, bai hirian bertan eta bai hiritik kanpo ere: Bizenta Mogel (idazlea), Casilda Iturrizar (enpresaburua), Juana Whitney (irakaslea eta ekintzailea), Adelina Mendez (irakaslea), Benita Asas (irakaslea eta mugimendu feministaren aitzindaria), Virginia Gonzalez Polo (sindikalista eta politikoa), Marcelina Elexgaray (sukaldaria eta ekintzailea), Sorne Unzueta (idazlea), Ticiana Iturri (Bilboko lehendabiziko emakume medikua) eta Haydee Agirre (propagandista politikoa). Garai hartako emakumeek gizartean betetzen zuten rola apurtu zuten, haien biografiek erakusten duten bezala. Emakume prestu haien biografiok hiriko espazio esanguratsuenetatik eramango gaituzte, eta parada eskainiko digute historia ezberdinak ezagutzeko. Aldi berean, garai hartako argazkiek lagunduko dute hamar protagonistek eraikitzen lagundu zuten Bilbo bera, bizileku ere bazutena, hobeto ezagutzen.
    • Correction
    • Source
    • Cite
    • Save
    • Machine Reading By IdeaReader
    0
    References
    0
    Citations
    NaN
    KQI
    []